XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELURRA mara-mara

Negua etorri da.

Hotza eta zuri-zuria da.

Poliki-poliki hasi zen, nahi ez bezala; aurrena batez ere eta gero erruz, mara-mara.

Maluta handi eta puztu-puztuak goitik behera, eta patxada-patxadan.

Inguru guztiak zuriz margotu ditu, errepideak izoztuak daude eta kalera ateratzea bera arriskutsua gertatzen da.

Natura osoa geldi-geldi dago izara zuri horren pean.

Begientzat gauza miresgarria, alderdi guztiak desberdinak, aldatuak, arraroak azaltzen zaizkigu; beste era batetara ornituak eta marraztuak, noski.

Badakigu, hor aurrean dagoena, gure begien gozamena; leihotik begiratzekoa, etxeko epeltasunpean, zulo txiki batetik harrapatu nahian, gure lur eta mendiak direla, bainan beste mundu bat bezala agertzen zait orain.

Kanpoan dena geldik eta barruan ibiltzeko gogo handirik ez: negua hotza eta hotzarekin odola moteldu eta geratu bezala egiten da; lehortzeko bide dabil.

Elur urte, lur urte; ez da noski, oraingo esaera... ala bedi.

Garaiz, legez eta behar den garaian datorrena ongi hartua da beti; bainan ez maiatzeko nardaskeri eta atze-aurreraka haiek... lore guziak urraturik.

Aurtengo gariak onak izanen dira, soroak ondo ureztatuak, ia, ia, itoak bai dira.

Gaur kuttun eta dirdiratsu, begiak zabaltzeko bildurrez, ezin zabaldurik, aintzinako soro hauek igalez beterik somatzen ditut laister.

Piztirik ere ez da inguruan, txoririk ere ez; gu geuron antzean, aterpe onen baten babesean dira, ziurki oro.

Bizi egin behar nola edo hala; biziari eutsi!

Elurra ona da bai, bainan luzaro jotzen badu mesede baino kalte gehiago dario.

Hori denok aurten nahiko ondo jakin dugu: ainbat eta ainbat bazter ere Iparrean, gure herri maitean batez ere.

Aurtengoa behintzat aspaldian ezagutu gabea izan da.

Hainbeste elur eta hainbeste denboran!!!

Hala ere, elurra gure aurrean somatzen dugunean bihotza poztu egiten zaigu, umeak kalera, kanpora, goiz-goizetik algaraz doaz... berritasunaren menpe; askotan azaltzen ez den bizi txuri honen antzetik, hemen noski!...

Zaharrak geldituko zaizkigu sutondoan, garrari begira, pilosopi bideetan, begiak txinparta tartean, burua mundu honetatik at.

Hainbeste aldiz, urteetan ikusia dute; gainera bere gazte denboretan askozaz gehiago botatzen zuen goiko Jaunak.

Hotz eta hotz eta alde guztiak berdinduak.

Halako batetan, hasi da alde egin nahian, urtzen, desegiten doa apurka, pixkana, gero erreken antzean.